XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egurasten * ibili ondorean joatean bezain gose itzuli ziren ardi horiek etxera.

- Zer gertatzen da hemen goseak zimurturik etortzeko artegira? marmar egin zien nagusiak.

- Gorago eta goxoago esaten zigun belarrak, erantzun zioten ardiek.

- Jainkoaren izenean! Ez diozue jaramonik * egin behar belarraren esanari. Jateko da belarra.

Ohituko da, bai! Kontuan hartu zuten ardiek artzaiaren aholkua * eta biharamunean kexuari *, bertan goxo, bertan goxo! erantzuten zioten.

Zer esanik ez, aserik itzuli ziren artegira.

Txarragoa gertatu zitzaion, kontseilari faltan, txantxangorriari *.

Denok dakigunez, landare batzuk lehenago ateratzen dute orria beste batzuk baino.

Ezkia * izan ohi da goiztiarrenetako * bat.

Urtarrila ona joan zen batez berde zen otsailean.

Txantxangorriak hostoak ikusi orduko egin zuen kabia: - Aurten ez du barrerik egingo kukuak *, zioen bere baitan.

Kukua alferra da. Zazpi urtez ibili omen zen eskolan eta kuku abesten bakarrik ikasi.

Ez daki umeak ateratzen ere eta bestek hazten dizkio, txantxangorriari utziz arraultzeak.

Hori dela eta, kukua etorri baino lehen umeak ateratzeko itxaropena zuen txantxangorriak.

Ezkian egin zuen kabia eta otsailean loka * zegoen.

Gero umeak jaio orduko, martxoko elurte bat etorri eta ume guztiak hil zitzaizkion.

Harriak biguntzeko negarrekin, honela omen zioen: Ezki goxagarria! Ez duk gaizki galdu nere familia!.

Gizonak ere kontuz ibili behar du mendian lantegiak * egiterakoan.

Oihanak * baditu bere lege izkutuak.

(Une honetan aitonak begiak apaldu eta, isilune baten ondotik, hau esan zigun):(...).